XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

VIII.1. SARRERA.

Erregresio anizkoitza ikastean, aldagai dependentearen estimazioan aldagai independente batzuk eragin positiboa eta beste batzuk negatiboa eduki dezaketela ikusi genuen.

Eragin hori erregresio-koefizienteen bidez aztertzen genuen, hau da, aldagai independente edo erregresore bakoitzak menpekoan zuen eragina, positiboa edo negatiboa eta beraien arteko erlazioa zuzena edo alderantzizkoa ote zen ikusiz.

Une honetan, gauza berbera aztertuko dugu, hau da, gure ikerketan errealitateranzko hurbilpena bilatzean, aldagai bi baino gehiago kontsideratuko ditugu, korrelazio partzialak aztertuz.

Zertzu dira korrelazio-koefiziente partzialak?.

Korrelazio-koefiziente partzialak hauexek dira:.

Bi aldagairen arteko egiazko erlazioa neurtu nahi duten koefiziente batzu, beste aldagai guztiak konstanteak kontsideratuz edo beste modu batetara esanda, beste guztien eragina baztertuz.

Bi aldagairen arteko korrelazioa, besteak kontutan izan gabe, korrelazio totala deitzen da, baina, korrelazio honek ez du zentzu handirik aldagai horietatik bat menpekotzat kontsideratzen ez bada, eta bestea, menpeko edo dependente horretan eraginik nabariena duten bakarretako bat ez bada.

Honela, batzutan aurretik korrelazio positibo bat dela jakinik, kalkulatzean negatiboa ateratzen zaigu, hots, fenomenoa bi aldagaien artekoa balitz bezala hartu dugu, eta ez dugu beste aldagai batzuren eragina baztertu, korrelazioa ateratzean.

Ikus dezagun adibide bat:.